XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIAK ETA GIZONAK

- Bush amerikano presidentak jakin arazi du presentatu gogo zuela heldu diren botzetan bertze lau urterentzat Ameriketan president izaiteko.

Bozkatzaleen xedeen sundatzaileek diote nekez duela partida eremanen.

Bertze herrietan bezala, edo berdin han oraino gehiago, ekonomia osagarri txarrean dute eta harek sor arazi problemak ez ditu aski artatu Bush jaunak.

Beraz demokratek irabaz dezazkete heldu den azaroko botzak, bakarrik funtsezko president gai bat dute falta!

- Minsk hirian bildu dira CEI delako batasunean barne diren hameka erresumak, lehen URSSa osatzen zutenak.

Zer bilakatuko zen URSSeko armada, horra miatu behar zuten pundu premiatsuena, ea orai artio bezala behar zenez atxiki buru baten meneko, ala errepublika bakotxak beretzat ukanen zuenez bere partea.

- Bilkura hortan agertu den gauza da ez direla batere elgarren artean akort delako errepublikak.

Zazpi badira armada guzia bat atxiki nahi dutenak, eta hauietan Errusia.

Hiru badira aldiz holako armada batean ez dutenak sinesterik, eta hauietan Ukrania.

Hamekagarrena, Bielorusia, bere xede bereziak agertu ditu.

Bilkura horren ondotik, erran ditake egin duela Eslabo batasunak, izendatu ditugun hiru errepublikek egin zutenak, hiru horieri juntatuz zuten moldatu bertzeek CEI delakoa.

- Jugoslabiarat ONUko soldadoen igortzeko baimena galdegin gogo du Gerizako Kontseiluari Boutros Ghali lehen segeretarioak.

Ez da dudarik haren baia ardietsiko duela.

Milosevic Serbiako presidentak eta Tudjman Kroaziakoak behar diren segurtamenak emanak dazkote hortako.

Urtarrilaren 3an erabaki suaren baratzea dute orai artio atxiki bi alderdiek, eta paradaz behar dela baliatu diote arduradunek haren azkartzeko kaska urdiñak harat igorriz.

Hego aldean dituzte orai beren kezkak politikatzaleek, bereziki Bosnia-Herzegobenian, han baitira bizi nahas mahas Serbiatar, Kroaziatar eta Mahometano jende multxoak, zorigaitzez nekez dirotenak elgar adi.

- Damas Syriako hiri nagusian itzuli bat egin du Dumag arrotz herriekilako frantses minixtroak.

Aspaldian hoztuak ziren Frantziaren eta Syriaren arteko har emanak.

Elgarren artean dituzten arrangurak aipatu dituzte deplauki bilkura hortan, Libaneko politika, jende bahitzeak, Paleztindar eta Juduen arteko makurrak eta oraiko bake solasak, ahantzi gabe ekonomiaren eta kulturaren gora beherak.

Azken pundu huntan dute hobekienik elgar aditu Damaseko elgarretaratze hortan.

Bainan bertzetan ere gauzak hobetuko dira denborarekin eta gisa hartako nahikaria atxikiz, ez baitituzte oro konda hain desberdinak beren ikusteko moldeak.

- Aljerian beti-ta gehiago gobernuak erakusten du bere larderia FIS delako alderdiaren alderat.

Islamista horien buruzagi zonbait preso altxatuak ditu, iduri nahi duela alderdia bera ezeztatu.

Islamistek deituak zituzten beren kidekoak Alger-en manifeztaldi alimale baten egiterat: Gobernuak debekatu du manifeztaldi hori eta erakusteko etzela lotsa, herrian beharrezko estatua ezarri eta, armada barreatu du Alger-ko karrika eta xoko guzietan.

Hori ikusiz desmezutu dute Islamistek manifeztaldia.

- Errumanian botzak egin dituzte herrietako kontseiluen hautatzeko.

Lehen botz aldian agertu da, bereziki hiri haundietan; azkarki aintzina egin zutela gobernuaren kontrakoek.

Bertze izen bat harturik, herriaren buru jarriak dira komunixt ohiak.

Heldu den apirilan edo maiatzan hautatuko dituzte deputatuak.